domingo, 8 de noviembre de 2009

Prometeus: The Media Revolution


Prometeus The Media Revolution izeneko bideo honek, komunikabideek jasaten ari diren eta jasango duten iraultzaren berri ematen digu. Bideoak azaltzen duenaren arabera, mundu berri honenganako hurbilketa Interneten sorrerarekin batera hasten da XX. mendearen bukaeran. Pixkanaka-pixkanaka komunikabide zaharrekin loturiko guztia desagertuz doa, hau da, telebista, irratia, egunkaria... bezalako hedabideak alde batera uzten dira, eta Interneten bidez filmak eta telebista kateak ikusteko, egunkariak irakurtzeko.... aukera ematen da gizarte berri honetan.

Teknologia berrien garapena oso arina dela argi ikus daiteke bideo honetan. Orain arte, telesailak, filmak, egunkariak eta dena-delakoak ikusteko aparailu fisikoak erabili izan baditugu ere, etorkizun berri honetan hori guztia desagertu egingo da. Antza denez, telebistak eta irratiak desagertu eta ordenagailuak sekulako indarra eta nagusitasuna lortuko du, edoizein gauza egiteko erabiliko dugularik.

Aurrean aipatutako guztiak, teknologia berriak garatzearekin batera, guk geuk ere hauetara egokitzea eta haiekin batera garatzea dakar. Eta niri dagokidanez, horrek ikaratu egiten nau, izan ere, berrikuntza guzti hauek erabiltzen ikasi beharko dugu eta, irakasleak izango garenok erabiltzen ikasteaz aparte, haurrei mundu berri honetan murgiltzen irakatsi beharko diegu, baina beti ere, arriskuak zeintzuk diren azalduz eta nolabaiteko ziurtasuna bermatuz. Horregaitik, irakasleon zeregina zailtasunez beterik ikusten dut.
Aurreko ildotik jarraituz, Prometeus delako mundu berri honetaz hitz egiten dugunean, gizakiok aldaketa berri hauetara egokitu beharraz berba egiten dugu. Egia da, gizarte honen garapena ezinbestekoa dela bizirauteko, eta ni garapen honen aldekoa naiz. Baina, hala ere, uste dut, kontuan hartu beharrekoa dela, oraindik ere gizarte honetan badirela Teknologia Berriak oso ondo ezagutzen ez dituzten eta hauek erabiltzen ez dakiten hainbat pertsona. Horregaitik, gizarte honetako partaideak diren pertsona horientzat ere, irtenbideak bilatzea ezinbestekotzat jotzen dut.


No hay comentarios:

Publicar un comentario